XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Marrazkiak errealitate osoa aditzera eman behar zuen.

Hala trompe-l'oeil delakoetan, nola freskoetan edo nonahitik begiestatuta ere, ikusleari so daudela diruditen erretratuetan, joko hutsaren aurrean gaude beti eta beti. Helburua ez zen natura zehatz-mehalz irudikatzea, ilusio optikoa sortzea baizik.

Iruzur egiteko gogo hutsagatik eginiko iruzurra. Pintoreak iruzurrarekin gozatzen du eta ikusleak ziria sartzen uzten dio nahita, mago baten trikimailuei begira balego bezala. Hain da handia hain gehiegizkoa gertatu ohi den espazio-sugestioa, non soilik ukimenak lagunduko baitigu gainazal baten gainean kokaturiko irudia dela erakusten.

Escherren obrarik gehiena, aipatu dugunez, espazio-sugestio hori sortarazteko eginahalez beterik ageri zaigu. Alabaina, ez zen sugestioa bere buruari proposaturiko helmuga izan. Espazio-errealitatea gainazal lauaren gainean emateko saioaldiek sortarazten duten tentsioa areago azaltzen dute bere obrek.

Marrazki ugaritan gainazal lauean espazioa sortarazten du gure begien aurrean. Beste marrazki batzuetan, aldiz, hasieratik beretik sugestio espazial oro eragozten saiatzen da.

Zurean eginiko Hiru esfera I 1945eko grabatuan, geroago aipatuko duguna, Escherrek ikuslearekin hizketan ari dela ematen du: Goiko esfera hori ez al da esfera bikaina? Ez, oker zaude, osoki laua da. Ikus, hara, objektua erditik tolestatua marraztu dut. Horregatik, laua izan behar duela garbi dago, bestela ez nukeen tolestatzerik izango.

Behean, jarrera horizontalean kokatu dut objektua, eta hala ere, zure fantasiak esfera laua berriro arrautza tridimentsional bilakarazi nahi duela ziur nago. Zeuk egiaztatu, ukitu hatzez papera eta benetan laua dela ikusiko duzu. Iruzur egitea da marraztea, hiru dimentsio iradokitzen ditu, errealitatean bi baizik ez baitira. Eta ahaleginik handienak egin arren, iruzurra dela konbentzitzeko, zuk objektu tridimentsionalak ikusten jarraituko duzu.

Inork ezin du Escherrek zehaztasun logiko handiz sortarazten duen espejismoa baztertzerik izan. Marrazkiaren eta konposaketaren bitartez frogatzen du Escherrek benetakoa dela bere obrak sortzen duen sugestioa.

Marrazkiek kategorikoki honakoa diotela ematen du: Hara, ezinezko iruditzen zaizuen zerbait erakusten ari naiz. Ikusleak horri buruz gogoeta egiten duenean, adarra jo diotela ohartzen da.